XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lpak bederatzi kanta biltzen ditu.

Lehen aldea Gaur ere goizegi kantak zabaltzen du, kantariaren musika eta hitzekin, eta Bergaretxe musikalki oso ondo lagunduta agertzen da.

Izan ere, nahiz eta zuzenean oraingoz honela ez izan, diskoan beste tresna batzuk sartu nahi Aitor Amezagaren laguntza eduki du.

Amezaga, teklatuez gain, konponketez ere arduratu da eta bere laguntzaz Bergaretxe saiatu da bere ahotsari eta aukeratu dituen testuei ondo doazkien musika tresna egokiak aukeratzen, helburuetako bat xinple eta garbiak izatea zelarik, eta asmo hori gaiz gai isladatzea lortu dute.

Amezagaren lankidetzarekin batera, Pako Diazek bateria jo du eta Mikel Artiedak baxua.

Haurretik ibiliz kantuan Ainhoa Mujikak bere ahotsarekin parte hartu du eta hauetaz gain beste musikari batzuk lanean lagundu diete, hain zuzen Anjel Unzu, Eduardo Kruz eta J.A. Batiz, denak puntako musikariak.

Hotzari iheska gaiaren hitzak Joxean Artzerenak dira: Hotzari iheska / iparraldetik hegoalderuntz zoazenean / gaixo usoa / erne ibil zaitez / hemendik igarotzerakoan / segi aurrera / hemen ez duzu pausalekurik / hemen, jende gehiegi duzu / ez duena beroa maite.

Hurrengo kantan, Mantxako artzaian tristetasuna nagusitzen da, kanta lasai eta mina da, hitzak nahiz musika Bergaretxek eginda.

Haurretik ibiliz kantaren hitzak, ordea, herrikoiak dira, eta gaia ere herriaren muinari lotzen zaio, euskararen gorespenarekin, bere iraupenaren aldekoa.

Ainhoa Mujikak laguntzen dio Bergaretxeri ahotsetan, eta bere ahots leuna ondo egokitzen zaio.

Hasierako musika Creendence Clearwateer Revivali dagokio eta ondokoa John Denverren eremuan sartzen da.

Lehen aldea ixten duen kanta berezia da, Naiz izena duen kanta honetan Ezkiagaren hitzei melodia fina aukeratu diete barruko adierazpenak azaltzeko: Hodei-itzala naiz / bedartzan/ haizetearen / hatzaparrean / hunat harat / etxolarik ez / eta sua egiteko / txokorik gabe / zergaitik nagoen / jakin ezinez.

Bergaretxek hurkotasunaren bidera jo nahi du, hitzekin komunikatu nahi du.

Txakur Gorria kantan Pastor Izuela bertsolariari hartu dizkio eta sentiberatasun handiz kontatu ditu Jonek.

Besoak heganen hitzak Iñaki Zabaletarenak dira eta musika berea.

Thymaun Tirol aldeko biribilketak egiten ditu oiartzuarrak.

Honen hitzak Txirrita bertsolariarenak dira eta Fernando Amezketarra ezin famatuagoari buruz aritzen da.

Diskoaren azken kanta beste aldaera bat da, zehazki Rolling Stonesen As tears go by baladarena, eta kontatzen duen arrantzalearen laneratzearen kontua ere Zabaletak idatzi du: Bizkar oker / arraun zuzen / xalupa meharrean / arrantzale.

Itsaso beltz / ilunabartze / kaiko barean / arraun hotz eme....

Lpan zehar konponketak iradokorrak gertatzen dira, ez dira inoiz gehiegizkoak.

Musikarien lanak ez du estali bakarlaria, guztien artean kantak edertu dituzte eta halaber Bergaretxek bere nortasuna isladatu ahal izan du.

Kantari gutxi sortzen dituen estilo barruan Jonek bere tankeraren bilaketari ekin dio eta Gaur ere goizegi honetan lehenengo urratsak lortu ditu, mamitsuak eta adierazkorrak.